27 Urria 2022
2022KO EUROPAKO KOSTALDEKO ARRAUN TXAPELKETA ETA HONDARTZAKO ESPRINTA DONOSTIAN
27 herrialdetako 500 arraunlari lehiatuko dira Kontxako badian ostegunetik aurrera DONOSTIAK EUROPAKO KOSTALDEKO LEHEN ARRAUN TXAPELKETA HARTUKO DU
Txapelketa dela eta, mila lehiakide, federazio-ordezkari eta epaile baino gehiago izango dira Donostiako hoteletan. Aurreikuspenen arabera, 20.000 ikusle baino gehiago erakarriko ditu ikuskizunak, zeina mundu zabalean emango baita.
- Asteazkena, urriaren 26a. Donostiak Europako Kostaldeko Arraun Txapelketa (European Rowing Coastal) hartuko du urriaren 27tik 30era bitartean, eta 27 herrialdetatik etorritako 500 arraunlarik parte hartuko dute. Hori horrela, estropada eremu esklusibo bihurtuko da Kontxako badia, zeinean bi lehiaketa-modalitate jokatuko baitira. Horretaz gainera, arraunaren epizentro bihurtuko da Donostia egun horietan, lehiaketa mundu osoan emango baita zuzenean. Era berean, kontuan izan behar da diziplina olinpiko izango dela Los Angelesen egingo diren hurrengo Olinpiar Jokoetan.
Ekitaldi horrek 1.000 lehiakide, arbitro eta federazio-ordezkari baino gehiago izango ditu, eta 20.000 ikusle inguru elkartuko ditu Kontxako badiaren eta Pasealeku Berriaren inguruan. Ekitaldia Ur Kirolak Donostiako arraunaren klub dekanoak antolatu du —aurten bete ditu ehun urte—. Orobat, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak lagundu dute txapelketa diruz, zati berdinetan, 375.000 euroko kostuarekin. Erakundearen aurreikuspenen arabera, inbertsio horrek hirirako izango duen zuzeneko itzulkina milioi bat eurotik gorakoa izango da.
Europako txapelketa bi diziplinatan jokatuko da: hondartzako esprinta eta kostaldeko arrauna. Beach Sprint edo hondartzako esprinta formatu laburreko lasterketa da, bizkorra eta intentsitate handikoa, eta Ondarretako hondartzaren (Europako txapelketaren epizentroa) eta Santa Klara uhartearen artean egingo da. Guztira, 250 metroko tarte bat egingo dute buien artean, eta beste 250 metro bueltan zuzenean, harik eta hondartzako helmugaraino korrika iritsi arte. Kategoria maskulinoa, femeninoa eta mistoa izango dira. Talde nazional bakoitzak tripulazio bakarra inskribatu ahal izan du modalitate bakoitzeko.
Kostaldeko arraunaren diziplina lasterketa luzeagoak dira, erresistentziakoak. Kasu horretan ere, hiru kategoria izango dira —gizonezkoak, emakumezkoak eta mistoa—, eta kategoria bat klubetako tripulazioentzat eta beste kategoria bat selekzio nazionaletako tripulazioentzat. Kanporaketak lau kilometrokoak izango dira, eta finalak, berriz, seikoak. Izena eman duten parte-hartzaileen % 56 gizonezkoak izango dira eta % 44 emakumezkoak.
Itsas arraunaren protagonistarik nabarmenenak izango dira Donostia aldean, eta, tartean, munduko hainbat txapeldun:
- Adrián Miramón, 1x kategorian.
- Esther Briz eta Ander Martin, 2xMix kategorian.
- Celia de Miguel, Teresa Díaz, Marta de las Heras eta Raquel Martin, Felipe Méndez lemazain dutela, 4x+ kategorian.
Bi diziplinen artean Euskal Herriko hiru klubek parte hartzen dute, askotariko ordezkariekin. Ur Kirolakek misto bikoitza izango du; Kaiarribak emakumezkoen 1x, 2x mistoa eta 4x+ maskulinoa; eta, azkenik, Raspasek gizonezkoen 1x eta 2x mistoa. Halaber, Ur Kirolakeko 2x mistoak parte hartuko du Espainiako selekzio bezala, zilarrezko domina eskuratu baitzuen Espainiako txapelketan.
Itsas arrauna duela 15 urte sortu zen kirol modalitate bat da, eta, halako arrakasta izan du azken urteetan, ezen ia edonork baieztatzen baitu hura izango dela «arraunaren etorkizuna». Krosko zabalagoko ontziak izaten ditu, bai eta popa nibelatua ere, ura ontzitik atera ahal izateko. Oro har, ur irekietan egiten da, eta ez die ihes egiten olatuei eta haizeari. Arraunaren muturreko bertsiotzat hartzen da, eta garrantzi handia du arraunlarien trebetasunak mareari eta korronteei, ibilbidearen topografiari eta klimatologiari aurre egin ahal izateko.
Lehiaketan, ontziek kalerik errespetatu gabe egin dezakete arraunean, eta baimenduta dago haien arteko kontaktua ere. Txapelketaren aurkezpenean izan dira Nazioarteko Arraun Federazioaren eta Espainiako Arraun Federazioaren ordezkaritza gorenak, eta nabarmendu dute Kontxako badiak potentzial eta balio handia duela maila oso altuko lehiaketetarako. Hala, azpimarratu dute Donostia dela lehiaketa honetarako hobekien egokitutako munduko hiri-agertokietako bat.